Ez dut frantseseraz hitz egiten. Ez dakit bufanda bat nola egiten den. Zorabio huts batekin norbait nire aurrean ziplo erortzen bada, ez dut arrastorik ere zer egin behar dudan. Erosten ditudan galtza gehienen barrenak hartzen bai, baina gero horiek ebakitzen eta josten ez dakit. Ez ditut onddo hilgarriak eta zartaginerako modukoak bereizten. Ez dut inoiz asmatu sentitzen dudana gitarra batetik edota beste nonbaitetik irtendako akordeekin adierazten. Ez dakit urteko zein sasoitan ereiten edo landatzen diren azenarioak, tomateak, letxugak, porruak, patatak eta oinarrizko gainerako elikagaiak. Ez naiz gai baratzean aritzeko.
Enarak, kaioak, antzarak, eta bereizten ditudan beste zenbait kenduta, gainerako guztiak txoriak dira niretzat. Zuhaitz gehienak, zuhaitzak. Autoa hondatuz gero, bila etorriko den garabiari deitzea da egin dezakedan bakarra. Tantaka ari den iturria konpontzeko edota ura galtzen duen komuneko bonba isiltzeko inutil hutsa naiz.
Sukaldean aritzen, arropak lisatzen, itsasoan edota basoan galduz gero izarrei begira iparraldea non dagoen asmatzen, ustez osasuntsu elikatzen, negar egiten, besarkadak ematen eta bizirik irauteko ezinbestekoak diren beste zenbait kontu, berriz, nire kontura ikasi ditut (egia aitortuta, ikaste-prozesuan murgilduta jarraitzen dut erdi itota).
Honelakoak etorri zaizkit gogora Irungo bikote batek bihar inputatu gisa deklaratu behar duela jakin orduko, 6 eta 12 urte arteko lau seme-alabak eskolatik atera eta beraien kaxara heztea erabaki dutelako. Guretzat onena zelakoan, gurasoen lanari eta izerdiari esker, eskola, institutua eta unibertsitatea ezagutu genituen guk. Gustura jakingo nuke, bada, zein hezkuntza sailburu inputatu beharko genukeen ez dakizkigun guztiak erakutsi ez zizkigutelako.
2 comentarios:
Hautsak harrotu ditu Irungo gurasoak epaitegietara eraman izanak beren seme-alabak eskolara ez eramateagatik. Eskolak etxean emateagatik. Ez naiz nor guraso hauek epaitzeko, ez naiz hezitzailea, baina gertaeraren harira esan diren zenbait kontuk eraman nau ondorengo gogoetara.
Epaiketa horren harira irakurri edo entzun ditudanak haurrek eskoletan ematen den informazio kantitate bera duten edo ez eztabaidatzen zuten, edo gero gizarteratzeko ea baduten arazorik eskolak etxean jaso dituztenek.
Ona al da haurrak jasotzen dituen mezu guztiak gurasoek emanak izatea?
Ona al da umearen aktuazio eremua beti gurasoen begiradapean izatea?
Baditu haurrak tresna aski gurasoengandik defendatzeko?
Ez naiz ni izango egungo hezkuntza sistema defendatuko duena...
Nire ustez gai korapilotsu eta konplexua da hori. Ez dakit nik neuk baina gehiegizkoa iruditzen zait epaitegira gurasoak eramatea horregatik.
Halere, argi ageri zaigu, haurrei ikastolara joateak mesede egiten diela, harreman berriak egiten dituzte eta ikasi egiten dute besteegaz elkarbanatzen eta jolasten, hainbat ipuin eta kanta.
Ene ustez, haurrak ikastolara joatea mesedegarria da bai gurasoentzako, bai haurra berarentzako. Guziontzako hain zuzen.
Publicar un comentario